4. EGITURA

4. 1. Telebista
ETB 1
etb1.png
Euskal Telebistaren lehen katea da, Euskal Herri osoan ikus daitekeena[1] eta bere saio guztiak euskaraz emititzen duena. 1982ko abenduaren 31n izan zen lehenengo emisioa eta 1983ko otsailaren 16an bukatu ziren lehenengo probatako emisioak.
Katearen helburu nagusia, EiTBren sorrera legean agertzen den moduan, euskararen normalizazioa da. ETB 1en historian zehar, hainbat saio, telesaio, albistegi, eta lehiaketa emititu dira. Albistegiei dagokienez, Gaur egun izena dute eguerdiko eta gauekoek eta berriagoa den Gauberri izeneko gaueko albistegi bat emititzen dute astelehenetik ostegunera.
Euskal Telebistaren kate honek hainbat kirol saio emititu izan ditu historian zehar eta gaur egun ere Champions League, Saskibaloi partida zein esku pilota partidak emititzen ditu zuzenean, euskaraz. ETB 1en historian audientzia gehien izan duten saioak //Goenkale//eta //Wazemank// izan dira. Lehenengoak oraindik ere antenan jarraitzen du.
Goenkale 1994. urtean sortu zen telesaila da eta Miramongo EiTBren estudioetan grabatzen da Pausoka Entertainment ekoiztetxearekin elkarlanean. Fikziozko herria den Arraldeko bizilagunen arteko gorabeherak ditu ardatz telesailak. Aurtengoa 18. denboraldia da eta Europako hirugarren telesailik zaharrena da. Oraindik ere audientzia datu izugarriak ditu astelehen eta astearte gauetan emititzen den telesailak.
Wazemank umore saioa da ETB 1-eko audientzia daturik onenetarikoak eman dituen beste saioetariko bat. Angel Alkain, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal ziren protagonista nagusiak. 2007ko udazkenetik aurrera, Noaoa saioak ordezkatu zuen eta iaz Finlandia saioak ordezkatu zuen. Aurten bigarren denboraldia hasi dute. Ainere Tolosa eta Aitziber Garmendiak aurkezten dute saioa.
Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten Mihiluze lehiaketak ere ikusle andana biltzen ditu telebista aurrean. Hain izan da handia saioaren arrakasta, ezen katalanerako saioaren egokitzapen bat ere egin duten: Bocamol.
Aipatu berri ditugunez gain, egun honako saioak emititzen dituzte, besteak beste: Abentur@roa, Anitzele, Arratsaldero (hiru orduko magazinea), Azpimarra, Beste Bat, Boxeo Izarrak, Champions League, Chiloé, EiTB kultura, EiTB kantxa, Gol Festa, Iparraldearen Orena, Kerman mintzalagun bila, Kresala, Sautrela, Sustraia eta Teknopolis.
ETB 1-ek bere historian zehar telesail asko ekoitzi ditu. Ezagunenak agian, Bi eta Bat; Martin; Jaun eta Jabe; Go!azen; Hasiberriak eta Mugaldekoak lirateke. Bertatik bertara, Aire Aire, Basetxea, Firin Faran, Sorginen Laratza, Sautrela eta Hitzetik Hortzera saioek ere ikusle asko erakarri dituzte.

ETB 2
etb2.png
Euskal Telebistaren bigarren katea da, gaztelaniaz emititzen duena. 1986ko maiatzaren 31n sortu zen, ETB 1 baino bost urte beranduago, historiaren atalean aipatu dugun moduan, ezkutuan sortu zen kate hau, Administrazio Kontseiluaren baimenik gabe. Euskal Herri osoan ikus daiteke, ETB 1ean baldintza berberetan. Denetariko programazioa eskaintzen du, baina ez du kirol emankizunik eta haurrentzako saiorik eskaintzen, horiek ETB1ek emititzen baititu.
Informazioa da ETB 2-ren ardatz nagusietariko bat, albistegien eskaintza nahiko zabala da. Goizean goiz Egun on Euskadi eta Forum saioekin hasita. Eguerdi eta Gaueko Teleberri albistegiak. Dudarik gabe kate honetako arrakasta handiena lortu duen saioa Pausoka ekoiztetxeak ekoitzitako Vaya Semanita saioa izan da. Espainiako hainbat telebista kate pribatuk saio honen eskubideak erosi ditu eta beraien kateetan emititzen dituzte atal zaharrak (Paramount Comedy eta LaSiete).
Vaya Semanita hasiera batean katearentzako garrantzia handirik gabeko umore saio arrunt bat zen arren, gerora eta ikusleen erantzuna ikusita saioaren ordutegia ikusle gehieneko orduetara aldatu zen eta saioaren egitura ere aldatuz joan zen. Euskal Herriko politikari buruz sketch komikoak egiten dituzte aktoreek saioan.Elkarrizketa zati bat ere badago bertan, baina 2011-12 denboraldi berrian guztiz eraldatuta itzuli da saioa. Narratzaile baten off ahotsak gidatutako sketch-ak egingo dituzte, eta beti pertsonaia berberak agertzen dira. Platoan grabatzen zen zatia desagertuko da horrela.
Felix Linaresek aurkeztutako //La noche de…// saioak ere izugarrizko arrakasta dauka. Egun ekoizpen propioko fikziozko telesail bakar bat ere ez eduki arren, Mi querido Kilikowski bezalako telesailek ikusle datu oso altuak lortu zituzten bere garaian.
Pásalo bezalako mahai inguru arrakastatsuak ere emititzen zituen ETB 2-k. Egun, Klaudio Landak aurkezten duen Ni más ni menos magazineak hartu du bere tokia, baina ez du aurreko saio honen besteko arrakastarik lortu. Antxon Urrusoloren Aspaldiko eta A2 saioekin ere saiatu ziren baina ez zuten audientziarik lortu eta kendu egin behar izan zituzten. Plató 2.0, Robin Food, Euskadi Directo eta Navarra Directo, Consumidores eta Escépticos dira aurtengo denboraldiko apustuetariko batzuk.
Julian Iantzik aurkezten dituen El conquistador del fin del mundo eta El conquistador del Aconcagua lehiaketek katearen ikusle kuotak hirukoiztu ohi dituzte maiz.
ETB 3
etb3.png


EiTB euskal korporazio publikoak 2008ko urriaren 10ean sortu zuen telebista kate bat da. Euskara hutsezko kanala, orokorrean 30 urtetik beherako lagunentzat abiarazia. Musika saioak, filmak, marrazki bizidunak, dokumentalak, erreportaiak emititzeko asmoarekin sortu bazen ere, programazioaren %90a baino gehiago marrazki bizidunak dira.
Lokaleroak, Nick dut nik, Zinemateka eta Gaztea Klip saioak emititzen dira bertan, beste batzuen artean.
ETB Sat / ETB K Sat
etbsat.png

Euskal Irrati Telebistak satelite bidez eskaintzen duen nazioarteko telebista katea da, ETB 1 eta ETB 2ko edukiak emititzen dituena. Honenbestez, euskara eta gaztelaniazko edukiak eskaintzen ditu kate berean. Kate hau Europan ikus daiteke.
EAEn, EiTBk ETBK Sat katea du, ETB Sat-en ordez EAEn ikusten dena, baina nagusiki kirol saioez hornituta. LTD bidez ikusi daiteke eta ETB 4 sortu bitarteko katea da.
Canal Vasco
canalvasco.png

EITBren kate bat da. Gehienbat, Ameriketako euskaldunentzat egina. 2008rarte, telebista digitalean ikusteko aukera zegoen. Kate hau ETB 3 kateak ordeztu zuen LTDan. Gaur egun, atzerrian emititzen da. Hizkuntza nagusia gaztelania da eta euskaraz diren elkarrizketak azpititulatzen dituzte.
Emisio-eremua:
  • Argentina
  • Txile
  • Ameriketako Estatu Batuak[2]
  • Kanada
  • Mexiko
  • Peru
  • Kolonbia
  • Venezuela

4. 2. Irratia
Euskadi Irratia
euskadi_irratia.png
Euskadi Irratia euskaraz Euskal Herrirako igortzen duen irrati katea da eta EiTB komunikazio talde publikoarena da. 1982ko azaroaren 23an hasi ziren bere emankizunak. Euskarazko informazio orokorreko irrati kate bat da. Faktoria, Mezularia, Amarauna, Aperitifa, Ilargipean, Hiru Erregeen mahaia eta Goizak Gaur saioek osatzen dute besteak beste programazioa.
Radio Euskadi
radio_euskadi.png

Radio Euskadi, 1946ko abenduaren 21ean sortu zen "Radio Euzkadi, la Voz de la Resistencia Vasca" izeneko irratiaren ondorengoa da. Lapurdin sortu zen irrati hau eta 1977ra arte iraun zuen erbestetik Euskal Herriaren berri emanez. 1983ko apirilaren 29an sartu zen EiTB taldearen barruan. Gaztelaniaz emititzen du. Bere euskarazko baliokidea, lehen aipatu, Euskadi Irratia litzateke. Boulevard, Más que palabras eta Levantando anclas dira irratsaiorik ezagunenak.
233.000 entzule izan ostean, 2009ko aldaketa politikoak eragina izan zuen entzule kopuruan eta Xabier Lapitz bezalako esatarien kaleratzeek entzulegoan jaitsiera nabarmena eragin zuten. 2009ko abenduan Radio Euskadik urte hasieran baino ehun mila entzule gutxiago zituen, 156.000 entzule hain zuzen. Audientzien atalean aztertuko ditugu sakonago entzule kopuruak.
Gaztea
gaztea.png

Euskadi Gaztea (komertzialki Gaztea) euskaraz Euskal Herrirako igortzen duen musika-irrati katea da EITB komunikazio talde publikoaren barruan. Musika formula da irratiaren ardatz nagusia. 1990an sortu zuten.
Gaur egun, Jon Lamarka arduratzen da irratiaren koordinazioaz. Gaztea lider da Radio formula formatuan 89.000 entzulekin.
Irratsaiorik ezagunenak Dida, Top gaztea, B-Aldea, Top Dance, Ekaitz Perfektua eta Boom Shaka Laka dira. Aurten gainera, larunbat gauetan Armin Van Buuren Djak zuzendutako programa emititzen da. Gaztearen webgune berria ere nahiko dinamiko eta partehartzailea da. Bertan abesti onenen zerrendak ikusteaz gain, beste informazio asko ere badago: blogak, bideoklipak... http://www.eitb.com/eu/gaztea/ ETB 3 katean ere Gaztea Live kontezertu tartea ere badago Gazteak.
EiTB Musika
eitb_musika.png
Musika, kultura eta ekitaldi bereziak ardatz dituen irratia, modu digitalean emititzen duen lehenengoa EiTBn. Euskaraz ematen ditu saioak. Radio formula du ardatz.
Radio Vitoria
radio_vitoria.png

Radio Vitoria Gasteizko irrati katea da. Araba osorako emititzen duen. Emisioa gaztelaniaz egiten dute. 1950 inguruan sortuta, 1982tik EiTB taldekoa da. Aldaketa sakonak eduki zituen irratiak, tartean egoitza nagusiaren leku-aldatzea. Ordutik, unibertsitate-gunean dago. Tableronde SLNEren txostenak kate hau ixtea proposatzen du.

4. 3. Sarea

EiTBko Interneteko produktu guzitak kudeatu eta koordinatzeaz EiTBnet enpresa arduratzen da 2004az geroztik. Elkarte honen barruan daude www.eitb.com ataria. Enpresa honek kudeatzen zuen www.eitb24.com webgunea, harik eta 2008ko urriaren 10ean, informazio eta albisteak eitb.com-en egituraren barruan sartu ziren arte.
  • eitb.com EiTBren ataria da Interneten. Euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioak dauzka. 2011ko abuztuaren 30ean plazaratu zuten eitb.com atari berria beta fasan. Bertsio berritu honetan, irrati eta telebistako edukiei garrantzia gehiago eman eta webgune sinple eta dinamiko bat prestatu dute. Bertan, informazioak ere garrantzia handia du, baina lehen ez bezala ez da telebista eta irratien aurretik nagusitzen. Goiko menuaren bitartez aukeratzen da zer ataletara joan eta horrela lehenengo orrialdean lehen bezala informazio gehiegi egotea saihesten da.
eitbcomhasiera.png
  • EiTB nahieran: EiTBren web orriaren barruan dagoen aplikazioa da, non telebistan emititu diren azkeneneko programak eta emisio zahar batzuk ikus daitezken sarean bertan.
nahieran.png
  • Sare sozialak: EiTB taldeak bere presentzia bermatu nahi izan du Interneteko hainbat sare sozialetan. Twitter, Facebook, Tuenti eta beste sare sozial batzuetan profilak eta orrialdeak dituzte horrela ikus-entzuleekiko elkarreragina eta komunikazioa hobetze aldera. Vaya Semanita, El conquistador del fin del mundo, Goenkale eta Gaztearen profilek zale eta jarraitzaile asko dituzte.
eitbcomzharra.png



[1] Bizkai, Gipuzko eta Araban LTD bidez ikusi daiteke, ETB 2, ETB 3 eta ETB K Sat kateekin batera; Nafarroan seinale analogikoaren bidez ikusi daiteke, eta LTDan sartzeko eskaera asko egin badira ere, ez da adostasunik lortu Nafarroako Foru Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, beraz ETB 1 eta ETB 2 baino ezin dira ikusi bertan; Iparraldean satelitearen bitartez ikusi daiteke, baina esparru batzuetan seinalea nahiko ahula da.
[2] Galaxy 23 satelitearen bidez AEBko estatu guztietan ikusi ahal izango da Canal Vasco. 2011ko urriaren 15ean aurkeztu zen New York-eko Euskal Etxean.